Saltatu eta joan eduki nagusira

Jerusalema challengera animatu dira Adunako eskolakoak

 

EL DIARIO VASCO

Adunako leku ezberdinetan grabatu zuten bideoa.

NÚÑEZaduna.Martes, 8 diciembre 2020, 00:21

Interneteko erronka berria da Jerusalema challenge, koronabirusak sortutako krisiak eragindako ezinegona arintzeko ideia duena. DG Master KGren 'Jerusalema' kanta abestuz eta dantzatuz bideoa egitea eta interneten zintzilikatu dute munduko hainbat txokotako herritarrek, eta Adunako Eskolako ikasle zein irakasleek erronka onartu eta erantzun oso ona izan duen bideoa argitaratu dute. «Dani Kultur teknikariak komentatu zigun erronka» eta ez zuten onartzeko dudarik izan. «Egoera triste honetan alaitasuna transmititu» nahi izan dute bideoarekin Iñaki Pagola irakaslearen esanetan.

Bi hilabeteko lana izan da, Oihana musika irakaslearen eta Iñaki IKTko irakaslearen gidari-tzapean. «Oihanak abestia eta dantza irakatsi die eta ni muntaketa lanetan aritu naiz», azaltzen du Iñaki Pagola irakasleak. Dena den, Adunako eskola osatzen duten 66 ikaslek eta 12 irakasleek parte hartu dute. Bideoan ikasle guztiak agertzen dira eta lau irakasle, baina antzean guztien elkarlana egon dela azpimarratu du Iñaki Pagolak. «Ikasleak zelaian sartzeko antolatzen, bideorako ideiak ematen... Irakasleen arteko elkarbizitzarako asko lagundu digu». Ikasleak ere asko inplikatu ziren eta jolastokian ere dantzan aritzen ziren. «Oihanak kanta jartzen zien bozgorailuarekin eta segituan hasten ziren dantzan»

Grabaketa Adunako txoko ezberdinetan egin zen. «Herria nondik ikusten zen hobeto pentsatu genuen eta gero bi egunetan egin genuen grabaketa». Ikasleen gela bakoitza burbuila moduan mantenduz, baserritarrez jantzita, talde bakoitzak herriko leku batean grabatu zuten asteazken batean, eta ostiralean zelaiko irudiak grabatu zituzten. Irudi guztiekin, Iñaki bera arduratu da muntaiaz. «Gurasoak agertzea ere gustatuko litzaiguke, baina pertsona gehiegi elkartzea ez zen komenigarria. Hurrengo batean».

Oso gustura

Lan handia izan du, baina oso gustura daude emaitzarekin eta jasotako erantzunarekin. «Ikasleek gelan ditugun telebistetan jartzeko eskatzen digute, gurasoek ere esan digute asko gustatu zaiela. Ez da hainbeste produkzio lana izan, baizik gero datorrena, ikasleek ere oso gustura ikustea beraien lanarekin».

Jerusalema challenge ez da, hala ere, lehena eta azkena izan. Izan ere, Eitb-ko maratoiarekin bat egin du eta aurtengo egitasmoko 'Ez negar egin, gu elkarrekin' abestiaren doinuaz baliatuz, Koronabitxus gelakoek kopla berriak asmatu eta abestu dituzte. Bideoak Adunako Herri Eskolako eta Adunako Jai Batzordeko youtubeko kanaletan ikus daitezke.

 

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

BIBA ZUEK!!📺🎤

Ostegun honetan, gure ikasleak Biba zuek   programan   parte hartu zuten, Aduna eskolako Berritsu irratiaren nondik norakoak kontatu zituzten eta zuzeneko irratsaioa egiteko aukera izan zuten Maialen, Xabier eta Arantxa aurkezleekin batera, telebista eta mikrofonoaren aurrean izatearen emozioa bizitzeko esperientzia paregabea izan zen. Harrotasunez, biba zuek eta biba Adunako herri eskola!! 

Ikasturte amaierako jaialdia🎊🥳

Ekainaren 14an ospatu genuen gure eskola komunitatearen ikasturte amaierako jaialdia, eta benetan egun berezia izan zen guztiontzat. Urte osoan zehar egindako lanaren ostean, momentua iritsi zen elkarrekin ospatzeko eta 6. mailako ikasleei agur hunkigarria egiteko. Goizean, jaialdia jolasekin hasi genuen frontoian. Ondoren, ikasleen eta familien aurrean agurra egiteko unea heldu zen. 6. mailako ikasleek eskolari agur esateko une berezia izan zuten ere. Sorpresa berezi bat prestatu ziguten: Saturday Night abestia dantzatu zuten, eta denok txaloka eta animatzen aritu ginen.💃🕺 Eguna borobiltzeko, bazkari goxoa izan genuen eta jai giro aparta izan zen. Bingoa, apustua, musika... girotu zuten arratsaldea.🎤 Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi eta bereziki 6. mailakoei, zorte on etapa berrian!

Bizikleta martxa Asteasura! 🚴☀️

Ekainaren 13an, LH3tik LH6ra arteko ikasleok bizikleta martxa egin genuen Asteasura. Goizean goiz abiatu ginen eskolatik, kaskoak jantzita eta bizikletak prest genituela. Asteasun goiza pasa genuen: atseden hartu, jolastu eta lagunekin primeran ibili ginen. Sekulako beroa egin zuen! 🌞 Eskolara bueltan, denak izerdituta eta nekatuta baina pozik iritsi ginen. Eta freskatzeko, busti egin ginen urarekin. 💦 Ibilbide eta egun politta izan zen.